Sara Irigoien Cortina, Gizarte Hezitzailea; eta Amaia Eiguren Munitis, Bilboko Hezkuntza Fakultateko Irakaslea (Euskal Herriko Unibertsitatea), Bilbao
Un importante ámbito de actuación de la Educación Social es la comunidad y su bienestar, siendo las fiestas populares un claro ejemplo de encuentro comunitario. Este estudio se centra en las fiestas de Deusto y en las relaciones intergeneracionales, siendo el objetivo principal analizar la importancia de la participación de las personas mayores en dichas fiestas. Para ello se han entrevistado a 6 personas en base a una metodología cualitativa. Los resultados obtenidos han confirmado la capacidad de transformación de las fiestas populares, destacando éstas como un espacio para darse relaciones intergeneracionales con naturalidad. En este sentido, se ha detectado la necesidad de fomentar la participación de las personas mayores en las fiestas de Deusto así como las relaciones intergeneracionales.
Gizarte Hezkuntzaren jardun eremu garrantzitsu bat komunitatea eta bere ongizatea ditugu, jai herrikoiak izanik komunitate elkargunearen adibide argia. Ikerketa honen ardatza Deustuko jaiak eta belaunaldien arteko harremanak ditugu, helburu nagusia jai hauetan pertsona nagusiek duten parte-hartzearen garrantzia aztertzea izanik. Horretarako metodologia kualitatiboan oinarrituz sei pertsona elkarrizketatu dira. Ateratako emaitzek jai herrikoiek duten eraldaketarako kapazitatea baieztatu dute, horiek, belaunaldien arteko harremanak naturaltasunez emateko espazio gisa nabarmenduz. Horrenbestez, Deustuko jaietan pertsona nagusien parte-hartzea zein belaunaldien arteko harremanak sustatzeko beharra ikusi da.
An important field of action of Social Education is the community and its well-being, being popular festivities a clear example of a community meeting. This study focuses on the festivals of Deusto as well as on the intergenerational relations, aiming to analyse the importance of the participation of the elderly in these festivals. To that end, 6 people have been interviewed based on qualitative research methodology. The results have confirmed the transformation capacity of popular festivities, highlighting these as a space for natural intergenerational relationships. Taking this into consideration, a need has been detected to promote not only intergenerational relationships but also the participation of the elderly in the festivities of Deusto.
Artículo en Euskera
Biztanleriaren zahartzea XXI. mendeko joera esanguratsuenetariko bat da. Hau munduko eskualde guztietan nabaria da, azkarrago hazten den arren garapen-bidean dauden herrialdeetan. Fenomeno honek, ondorio garrantzitsuak ditu eta gizartearen alderdi guztietan eragiten du. Gainera, proiekzioen arabera, 2050 aldera bost pertsonatik batek 65 urte baino gehiago izango ditu, eta populazioaren zahartzearen inpaktua ezin izango da baztertua izan (United Nations Population Fund eta HelpAge International, 2012).
Zahartze-prozesu hori, XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik bereziki gertatu da eta amaitzetik urrun dago. Halaber, gure errealitatera hurbilduta, Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) 2019a urteko datuei erreparatuz, ikus dezakegu Bizkaian, 65 urtetik gorako 259.747 biztanle zeudela, hau da, guztizkoaren %22,7. Gainera proiekzio demografikoek adierazten dute 2040an Bizkaiko biztanleriaren %44,5k 55 urte edo gehiago izango dituela (EUSTAT, 2019a).
Gauzak horrela, zahartzen ari den populazioa dela eta, jendartean erronka berriak agertzen dira eta ondorioz zahartze aktiboaren garrantziak pisu handia hartzen du.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila eta EDE fundazioak (2008a) egindako txostenean esaten denaren arabera bizitzaren etapa berri bat agertu da, ezaugarri ezberdinak dituzten herritarrak biltzen dituena, sozialki aktibo mantentzeko aukerak dituztenak eta esperientzia esanguratsua dutenak. Zahartzeari jarrera guztiz desberdinarekin aurre egiten dioten pertsonak dira, hazkunde batekin lotuago daudenak galera erregresibo batekin baino. Bederen, zahartzaroari aurre egiteko modu berri honek pertsona nagusiek komunitatean duten parte-hartze nahia handitu egiten du.
Halaber, pertsona nagusien parte-hartzeaz ari garenean, Girók (2006) aipatzen duen aspektu garrantzitsu bat izan behar dugu kontuan: pertsonek bizitzako hainbat alderdiri buruz ditugun jarrerek zerikusi handia dutela une bakoitzeko gizartean instalatuta dagoen kulturarekin. Hori dela eta, inguratzen gaituen kulturak erabakitzen du nola zahartzen garen, zahartze aktiboa baldintzatzen duten gainerako faktore guztietan eragiten baitu.
Izan ere, kulturaren eta zibilizazioen historian zehar, zahartzaroari buruzko usteak, ebaluazioak eta iritziak sortu izan dira. Zahartzaroa modu negatiboan baloratzeak mitoak eta aurreiritziak dakartza, eta horiek zaildu egiten dute behar bezala zahartzea eta mugatu egiten dute adinekoaren integrazio egokia gizartean (Helduak Adi eta Eusko Jaurlaritzaren estereotipoen inguruko txostena, d.g.).
Hortaz, zahartzaroak diziplina anitzeko ikuspuntua izan behar du, positiboa, eraikitzailea, interbentzionista eta ez idealista. Bizitzaren zikloaren aldi bat besterik ez baita, eta estereotipo eta aurreiritzirik gabeko ikuspegi batetik begiratzen bada, ez da beste edozein etaparengandik oso desberdina (Carbajo, 2009). Horrek esan nahi du herritar guztiek, gizarte-politiken bidez, adinekoentzako jarduerak sustatu behar dituztela, jarduera, baliagarritasun eta eraginkortasun sentimenduak dituen zahartzaro aktiboa bultzatzeko (Carbajo, 2009; Giró, 2006; Helduak Adi eta Eusko Jaurlaritzaren estereotipoei buruzko txostena, d.g.).
Honen arira, zahartze aktibo eta esanguratsua izateko, erabakigarriak izan daitezke aisialdiko esperientziak. Hauek, lanekoak edo bestelakoak ez bezala, bizitza osoan lagun diezagukete eta garrantzia handia dute adinekoen bizitzan, egoera sozial berriari baikortasunez aurre egiteko (Cuenca-Amigo eta San Salvador, 2016).
Bederen, pertsona nagusien aisialdiaz aritzerakoan, Morales eta Bravok (2006) diote jarduera bera baino garrantzitsuagoa dela jarduera egiten duen pertsonak ematen dion esanahia, hau da, aisialdiko esperientzia esanguratsua lortzea. Honen arira, Cuenca (2009) eta Giró (2006) bat datoz esanez pertsona nagusiei batzuetan kosta egiten zaiela aisialdiko esperientzia esanguratsu bat lortzea, lanaren etikan zein aisialdiaren kultura eskasian oinarritutako hezkuntza jaso izanak ez baitie utzi zeregin hori gauzatzeko beharrezko baliabide pertsonalak garatzen.
Gainera, Marín, García eta Troyanoren (2016) ustez, adinekoentzat, aisialdi beharrak asetzeak (behin bizitzako oinarrizko baldintzak eta beharrak behar bezala beteta izanda) ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea dakar. Hari beretik, Cuencak (2009) dio aisialdian sutsuki parte-hartzen duten pertsona nagusiek gaixotasun-arrisku txikiagoa dutela, irekiera eta zerbitzu-gaitasun handiagoa, eta gatazkak sortzeko aukera txikiagoa. Era berean, Alcalde eta Laspeñasek (2005) diote aisialdiak adinekoen bizi-kalitatean zein ongizate pertsonalean duen eraginagatik, norberaren bizitzaren gaineko kontrola eta gizarte-laguntzaren pertzepzioa sendotzeko balio duela. Honenbestez, erronka garrantzitsu bat adinekoen onurak eta partaidetza zein errotze sentimendua sortzen dituzten aisialdiko espazioak sortu eta eskuratzea da (Lázaro, Madariaga, & Lazcano, 2019).
Horiek horrela, aisialdia jaien funtsa dela ulertuta eta jai herrikoiak komunitaterako aisialdi eredu gisa hartuta, esan daiteke aisialdiren bitartez, jai herrikoietan, sozializazio-prozesuak eta garapen komunitarioa ematen direla.
Orobat, Delgadok (2004) esaten duen bezala, jaiek egunerokotasunean ikusteko zailagoak diren kontraesan eta gatazkak azaleratzen dituzte. Honenbestez, Guillóren (2016) esanetan, jaietan jendartearen bizimoduak ezagutu eta bere eraldaketarako estrategiak hauteman daitezke.
Behinik behin, Gil eta Calvoren (1991 in Lázaro, 2000) hitzetan jaietako bizipenak berdintasuna bultzatzen du, eta klaseko estamentuen egitura zurrunetatik eta botere-desberdintasunetatik askatzen du gizartea. Aldi baterako desegituratze horrek, beraz, elkartasuna garatzea eta ezarritako gizarte-egitura indartzea eragin dezake. Hortaz, Guillók (2016) dio aldaketa soziala eragiteko jaiez baliatu behar garela, sortu nahi diren bizimodu alternatiboak eta eredu justuagoak gorpuzteko aukerak ematen dizkigutelako.
Hau da, komunitate batean festa bat egiten denean, komunitate horrek bere buruaren kontzientzia hartu duelako gertatzen da. Festa besteekin egiten baita, inoiz ez da pertsona bakar baten kontua, errealitate komunitarioa da. Halaber, komunitateak pertsonek osatzen dituztenez, festak parte-hartzea dakar berekin, nahiz eta oinarrizko maila batean izan, zerbait hartuz, hitz eginez edo paseatuz (Lázaro, 2000).
Parte-hartzearen inguruan Guillók (2016) dio herritartasuna eta parte-hartzea, balio eta aldarrikapen garrantzitsuak izan direla erakundeetatik at antolatzen diren festa-eremuetan. Jai alternatiboek potentzial politiko handia bait dute antolatzaileen balioen araberako jaiak modelatzen saiatzeko. Potentzial politiko horren baitan aldarri garrantzitsua izan da herrikoitasuna: herritarren parte-hartzea, jaiak herritik eta herriarentzat moduko lelopean. Baina aipatutako autoreak zalantzan jartzen du, zein herritarri egiten die erreferentzia nahi horrek? Adina, jatorria, sexualitatea, klase soziala, aniztasun funtzionala… oztopoa dira jaietan parte-hartzeko? Honekin lotuta, Rubio-Ardanazek (2017) ere hainbat gai ikertu behar direla dio. Adibidez, jaiak zertarako balio dion hau ospatzen eta mantentzen duen gizarte-taldeari, edo jaia ospatzeak zer interes ekar ditzakeen. Hala, jaiak ospatuz eraiki nahi diren erlazioak nolakoak izatea nahi den. Azkenik, jaiak ekimen kolektibo, erritual eta talde-identitatea zein jendartea birsortzen dituen heinean, eraldaketarako gune berezia dira Guillóren (2016) ustez eta herrikoitasun horren politiken klabeetan sako beharra azpimarratzen du. Gainera, Lázarok (2000) aldarrikatzen du bizi garen testuinguruan, herritar guztiok bereizketarik gabe parte hartu behar dugula komunitateak eskaintzen digun horretan, baldintza berdinetan. Hortaz, jaietan guztiek parte-hartu ahal izateko zerbitzu berriak antolatu eta hiri eta herri bakoitzean daudenetarako sarbidea erraztu beharko dela dio.
Amaitzeko, Guillók (2016) aipatzen du jaietan, talde eta gizarte-segmentu urrunen eta askotarikoen arteko komunikazioa gerta daitekeela, festa baita une egokiena gizartean dauden oztopoak eraisteko, nahiz eta horrek irauten duen denboran izan. Hortaz, belaunaldien arteko erlazioak emateko une aproposa ditugu jaiak.
Domínguezen aburuz (2012), belaunaldi artekotasuna adin desberdinetako pertsona-taldeen arteko elkarrekintza intentzionala da. Hau, askotariko egoeretan eta haurretatik helduetaraino ematen da. Hurbileko komunikazioa, sentimendu eta pentsamendu partekatuak eta jarduera kooperatibo eta esanguratsua ematen dira erlazio hauetan. Gainera, zerbitzu-trukeko harremanetan ezin da onuradun bakar batez hitz egin: ohikoena da parte-hartzaileek bi norabideko onurak lortzea, zerbitzu-emailetzat jotzen direnek ere onurak jasoko dituzte eta elkarrekiko onuraren bat, parte hartzen duten trukearen beraren ondorioz (Kaplan, 2001; in Domínguez, 2012).
Aitzitik, belaunaldien arteko harreman hauek familia eremutik kanpo ematen direnean, komunitateari ere onura egiten diote eta hiru bereizgarri hauek dituzte (Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutua eta Osasun Ministerioa, 2011): 1) Belaunaldi ezberdinetako pertsonek parte-hartzen dute; 2) Antolamendu eta kudeaketa jakin bati esker ematen dira; 3) Parte-hartzaileen artean baliabide trukea ematen da.
Laburbilduz, aurkeztutako testuingurua kontuan izanik, azpimarratu daiteke egungo egoera sozialean biztanleria gero eta adinduagoa izango dela hurrengo urteetan. Hala ere, gero eta osasuntsuago heltzen gara zahartzarora eta horrek bizimodu aktiboa egiteko aukerak zabaltzen ditu. Horregatik, garrantzia berezia hartzen du aisialdiak eta komunitatean parte-hartze aktiboa izateak. Jai herrikoiak izanik aisialdiaren bidez komunitatean parte-hartzeko tresna eta une egokia gizartean dauden oztopoak eraisteko, izan ere, garrantzitsua da hauetaz baliatzea gizarte hezkuntzako ikuspegitik aldaketa sozialak bultzatzeko.
Hortaz, Deustuko San Pedro auzoko jaietan pertsona nagusiek duten parte-hartzea eta honen garrantzia ikertu nahi izan da. Auzo honetako jaiak aukeratu dira aipatutako ikerketa garatzeko, Bilboko lehen barrutiko auzoetatik biztanleria dentsitate handiena duelako (20.114 biztanle, Euskal Estatistika Erakundea 2019b) eta jairik historikoenak dituelako. Gainera, datuen arabera, 65 urtetik gorako biztanleria auzo honen ia %30a izatera heltzen da (EUSTAT 2019b).
Jaiei dagokienez, Deustuko Jai Batzordeak autogestionatzen dituen jai herrikoiak burutzen dira auzo honetan. Jai Batzorde hau zenbait auzoko eragile eta kuadrilletako ordezkarik osatzen dute eta modu asanblearioan hartzen dira erabaki eta konpromisoak. Horrenbestez, ikerketa honen helburu orokorra pertsona nagusien parte-hartzearen garrantzia aztertzea izan da, komunitatearen elkargunea diren Deustuko jaietan. Era berean hiru helburu zehatz planteatzen dira: (1) Deustuko jaietan pertsona nagusiek duten parte-hartzea ezagutzea; (2) parte-hartze horren garrantzia aztertzea; (3) Deustuko jaiak belaunaldien arteko harremanak emateko une egokia diren ikertzea.
Ikerketa hau metodologia kualitatiboan oinarritu da. Metodologia honek, fenomenoak ulertzea eta sakontzea du ardatz, parte-hartzaileak beren ingurunean eta inguruko alderdietan duten ikuspegitik aztertuz. Normalean, ikertuko diren gizabanakoen edo pertsona-taldeen ikuspuntua ulertu nahi denean aukeratzen da, inguruko gertaerei buruz, beren esperientzietan eta iritzietan sakontzeko, eta, hala, beren errealitatea subjektiboki nola hautematen duten jakiteko (Guerrero, 2016).
2.1. Parte hartzaileak
Deustuko jaietan parte-hartzen duten sei pertsonari egin zaie elkarrizketa erdi egituratua. Elkarrizketatuen hautaketa irizpideei dagokionez, elur bola teknika ez probabilistikoa erabili da, non elkarrizketatu batek beste batekin kontaktuan jartzea ahalbidetzen duen (Martínez, 2012). Hautatutako pertsonak adin-tarte ezberdinekoak dira eta jaietan modu ezberdinetan parte-hartzen dute (taula 1).
1. Taula. Elkarrizketatuen profila
Profila |
Sexua |
Adina |
Jaietan parte-hartzea |
Jai Batzordeko kideak |
E |
21 |
Biak Jai Batzordeko kideak, gazteak dira eta gaur egun jaien antolaketan parte-hartzen dute. |
G |
25 |
||
Jai Batzordeko kide ohiak |
G |
28 |
Jai Batzordean urte luzez egon dira biak eta oraindik jaietan aktiboki parte-hartzen dute. Jada antolaketa prozesuan egon ez arren, esperientzia asko dute eta denbora igarotzeak eman dien ikuspuntu berritik ulertzen dute errealitatea. |
G |
39 |
||
Deustuko pertsona nagusiak |
E |
70 |
16 urtez auzoko emakume talde bateko zuzendaria izandakoa eta urtero jaietan egiten den koroen bilkura antolatzen duena. |
G |
69 |
Historialaria eta Deustuko irudien zein historiaren artxiboa gorde du urteetan zehar, bi liburu argitaratuz. Gainera, jaietan egiten den emakumeen aurreskuan alkatearen papera betetzen du. |
Iturria: Egileek sortua
2.2. Prozedura
Lehenik eta behin, Jai Batzordearekin kontaktua egin eta elkarrizketa burutzeko bi kide aukeratu dira. Ondoren, urteetan zehar Jai Batzordean egondako kide birekin kontaktatu da. Hauek elkarrizketa egiteko baiezkoa eman eta jaietan parte-hartzen duten pertsona nagusiekin harremana ahalbideratu dute.
Pertsona nagusiekin telefonoz egin dira elkarrizketak eta beste guztiekin modu telematikoen bidez (bideo-deiak, Skype…). Elkarrizketen aurretik parte-hartzaileei emango zituzten datuen konfidentzialtasuna eta anonimotasuna ziurtatu zaie, elkarrizketa baimena ere erabiliz eta ahotsa grabatzeko baimena eskatuz. Ahotsa grabagailu batekin grabatu eta ondoren transkripzioak egin dira. Azkenik elkarrizketak kodifikatu egin dira, ahots bakoitzaren jatorria identifikatzeko bakoitzari kodigo alfanumeriko bat ezarriz, non lehenengo hizkiak erabilitako prozedurari (elkarrizketa) egiten dio erreferentzia eta zenbakiak elkarrizketa zenbakiari eta elkarrizketa egindako datari.
2.3. Erabilitako tresnak
Metodologia kualitatibotik abiatuta, datuak biltzeko erabili den tresna elkarrizketa izan da. Elkarrizketa zenbakietan, koefizienteetan eta estatistiketan oinarritzen diren ikerketa tekniken aurrean, fenomenoen esanahiak sakonean aztertzen dituen teknika da; alegia, ezin dute adierazgarritasuna ziurtatu, baina teknika honek zenbakien azpian ezkutatzen den informazio konplexu eta aberatsa sakonean ezagutzen laguntzen du (Juaristi, 2003). Elkarrizketa oso erabilgarria da azterketa deskribatzaileetan eta ikerketaren esplorazio-faseetan, baita datuak biltzeko tresnak diseinatzeko ere (Díaz, Torruco, Martínez eta Varela, 2013).
Era berean, ikerketa hau gauzatzeko elkarrizketa erdi egituratuak egin dira. Hau da, elkarrizketatzaileak aldez aurretik prestaturiko gidoia erabiltzen du elkarrizketak bideratzeko. Baina, aldi berean, elkarrizketa erdi egituratuak nahiko malguak direnez, elkarrizketatuak ere badu aukera, hala nahi izanez gero, haria aldatzeko.
Elkarrizketak aztertzerako orduan edukiaren azterketa era deduktiboan egin da, hau da, galderak arestian aurkeztutako marko teorikoan oinarrituta egin dira. Parte-hartzaileen erantzunen arabera, elkarrizketaren edukia kategoria eta azpikategorietan sailkatu da. Elkarrizketatuaren erantzuna kategoria bat baino gehiagokoa izan denean, erantzuna segmentu txikiagotan zatitu eta zegokion kategorian sailkatu da.
Elkarrizketen edukien analisiak hiru kategoria izan ditu: (1) Deustuko jaiak (2) Parte-hartzea eta (3) Belaunaldien arteko harremanak. Era berean, kategoria bakoitzean azpikategoriak identifikatu dira. 2.taulan agertzen dira kategoria, azpikategoriak, horien definizioak eta zenbat elkarrizketatuk eman zuten informazioa (N) (Taula 2).
2. Taula. Pertsona nagusien parte-hartzea Deustuko jaietan: sistema kategoriala.
GAIA |
KATEGORIA |
AZPIKATEGORIA |
DEFINIZIOA |
N |
Pertsona nagusien parte-hartzea Deustuko jaietan |
Deustuko Jaiak
|
Jaien garrantzia |
Komunitatean onurak ekartzen dituzte |
6 |
Herrikoitasuna |
Jaiak antolatzen diren modua eta historikotasuna |
4 |
||
Parte-hartzea
|
Aniztasuna |
Parte-hartze mota ezberdinak daude |
5 |
|
Zahartze aktiboa |
Pertsona nagusien parte-hartzearen beharra |
6 |
||
Belaunaldien arteko harremanak
|
BA[1] harremanak jaietan |
Jaiak marko aproposa BA harremanak emateko |
6 |
|
BA harreman motak |
Behartuta ez izatea/ Harreman naturalak ematea |
5 |
||
Komunitatean eragina |
Onurak ekartzen dituzte |
6 |
Iturria: Egileek sortua
Bildutako datuak, gaia banatu den kategoriatan aztertuko dira:
Kategoria honek parte-hartzaileek Deustuko jaiak ulertzeko duten moduari egiten die erreferentzia. Horrenbestez, bere barnean bi azpikategoria hauek jasotzen ditu: (1) jaien garrantzia eta (2) herrikoitasuna. Deustuko jaiak martxoaren erdialdean ospatzen dira, bi asteburutan zehar, San José egunaren inguruan. Elkarrizketatuek honela definitu dituzte:
…una fiesta popular, una alegría para el barrio, un espíritu más de confort, de unidad y de participación (E.4_2020/04/30).
…herri guztia biltzen dituen jai batzuk. Ospakizunerako hainbat egun (E.6_2020/05/02).
Alde batetik, jai hauen garrantziari dagokionez, parte-hartzaile guztiek azpimarratu dute garrantzia handia dutela, komunitatean onura ezberdinak ekartzen dituztelako. Adibidez:
…parte-hartze bat sustatzen delako eta jendearen aisialdirako oso onuragarriak direlako (…) elkarbizitza bat sustatzen da jaien inguruan (E.1_2020/04/27)
…ospatze horrek komunitate mailan oso eragin handia dauka. Alde batetik ezagutza, elkarlana, prozesu berdinean parte-hartu izanak, parte-hartu duzun pertsona horrekiko sortzen dizu atxikimendu bat eta hor batez ere sortzen dira identitatea, pertenentzia… oso eragin handia dauka (E.2._2020/04/28).
Beste aldetik, parte-hartzaileek herrikoitasuna gehienbat jaiak antolatzeko moduarekin eta hauek duten historikotasun edo tradizioarekin lotu dute. Adibidez honako hau aipatu da antolatzeko moduaren inguruan:
…parte-hartzaileak, autogestionatuak eta herritik eta herriarentzat burutzeko kapazitatea izatea (E.1_2020/04/27).
…cómo están realizadas. Si es que el que ha metido mano ha sido alguien con nombre y apellidos o es, pues como en el caso de Deusto, una comisión de fiestas (E.5_2020/05/01).
Gainera, jai hauen historikotasuna nabarmendu da. Elkarrizketatuen hitzetan:
…historikoki Deustun ospatzen ziren jaiak mantenduz, kasu honetan San José (E.2_2020/04/28).
…una celebración que se remonta a hace muchos años (…) la romería de San José se ha convertido en las fiestas de Deusto (E.5_2020/05/01).
Parte-hartzearen kategorian bi azpikategoria jaso dira: (1) aniztasuna eta (2) zahartze aktiboa.
Alde batetik, aniztasunaren inguruan ikusi da Deustuko jaietan herritar guztiek ez dutela modu berean parte-hartzen. Hau da, parte-hartzeko modu ezberdinak daudela. Izan ere, elkarrizketatu desberdinek horrela adierazi dute:
…hiru mailatan banatuko nuke. Batzuentzat sentimendu bikoitza sortu dezake. O sea alde batetik kriston marroia da jende askorentzat baina aldi berean jende horrek probablemente da gehien disfrutatzen duena. (…) beste alde batetik deustuar askorentzako momentu berezitu bat da aisialdirako baina ez doana hortik haratago. (…) hirugarren sektore batek ez ditu bizitzen jaiak, ez dute parte-hartzen (E.3_2020/04/29).
…hay de todo. (…) Es diferente lo que piensan los mayores y lo que piensan los jóvenes (…) siempre hay gente quejica y gente que participa (E.4_2020/04/30).
Gainera, jai hauen antolatzaileen profilaren inguruan aniztasun falta antzeman daiteke. Ideia horiek nabarmenduta daude jasotako ahotsetan:
…ez da guztiz anitza. Orokorrean pertsona nahiko gazteak gara eta perfil edo inguru nahiko antzekotik gatoz (…) pertsona nagusien eta beste inguru batzuetako pertsonak be uste dut falta direla (E.1_2020/04/27).
…aspektu ideologikotik oso homogeneoa, ezkerrean kokatzen den jendea eta zailtasun handiak daude horren ondorioz (E.2_2020/04/28).
Bestetik, zahartze aktiboa xede izanik, pertsona nagusiek auzoko jaietan parte-hartzeak garrantzia handia duela baieztatua izan da elkarrizketatu guztiengatik. Arrazoi ezberdinak eman dituzte:
…Parte-hartzea nik deritzot antolaketa sistema horretan parte-hartzearekin lotuta dagoela. Eta bueno bai (…) haien ikuspuntua be oso garrantzitsua da jakitea, kontuan hartzea eta aurrera ateratzea. Fundamentala da jai batzuk herrikoiak bihur daitezen (E.1_2020/04/27).
…Oso garrantzitsua da eta gero eta gehiago izango da. Alde batetik, kohesioaren aldetik. Oso aukera ona dira jaiak komunitatea sortzeko eta aprobetxatzen badira jaiak gazteen eta nagusiak eta adin guztietako jendearen arteko erlazioak sortzeko, bizitza hobetuko da eta gizarte kohesioa hobetuko da. Beste aldetik, sortuko direlako jai askoz dibertigarriagoak eta askoz ere naturalagoak, ba gizartearen islada izango direlako. (…) Ze herria edo gizartea sortzen dute adin guztietako pertsonak (E.2_2020/04/28).
…Yo creo que si. Porque damos otro punto de vista. Cada uno tenemos nuestro punto de vista de lo que es las fiestas (E.4_2020/04/30).
Esanak esan, antzeman daiteke jaietan orokorrean adinekoek duten parte-hartzea ez dela oso aktiboa, ekimen konkretu baten izan ezik. Esaten da:
…koroena bada ekintza bat non oso aktibo dira, haiek egiten dute eta haiek doaz abesten eta abar. Nik azpimarratuko nuke ekintza hori bakarrik, ez dago beste ekintzarik non pertsona nagusiak protagonista diren edo aktiboki parte-hartzen duten (E.2_2020/04/28).
…más pasiva. Más de ver que de actuar (E.4_2020/04/30).
Aitzitik, aipatu dute pertsona nagusiek ez dutela jaien prestakuntzan zuzenean parte-hartzen, baina zeharka, ekimen konkreturen bat prestatzen laguntzen dutela. Hau da:
…Igual ekimen konkretu batean parte-hartu ahal dute antolaketan, baina zuzenean ezetz esango nuke (E.3_2020/04/29).
…menos que otros sectores. Pero hay gente que sigue estando ahí, sigue meneándose (E.5_2020/05/01).
Dena den, jaien programazioa anitza dela eta pertsona guztientzako gauzak egiten saiatzen direla baieztatu da. Izan ere, elkarrizketatu desberdinek horrela bizi dute egoera:
…nahiz eta pertsona nagusiak ez egon, egiten dira gauzak edo saiatzen dira haientzako gauzak egiten. Umeentzako egiten diren moduan (E.2_2020/04/28).
…yo creo que para todo el barrio, porque hay cosas para todos. Los bares también están más alegres esos días si quieres tomar algo, en la calle hay más animación, en San Pedro se hacen dantzas… se hacen montones de cosas para toda clase de público (E.4_2020/04/30).
Azkenik, kategoria hau hiru azpikategoriatan banatu da: (1) belaunaldien arteko harremanak Deustuko jaietan, (2) belaunaldien arteko harreman motak eta (3) komunitatean eragina.
Alde batetik, Deustuko jaietan ematen diren belaunaldien arteko harremanak nahiko pobreak direla ikusi daiteke. Hau da:
…ekintzak daude nahiko markatuta adin tarteen inguruan (…) oso zaila da ekintza bat topatzea zeinetan umeak eta adineko jendea nahasten diren (E.1_2020/04/27).
…orokorrean ez, erlazio gutxi. Ez dago belaunaldien arteko erlazioak sortzeko interes esplizitu bat eta igual egon beharko litzateke (E.2_2020/04/28).
Edonola ere, hauek aipatu dute urtean zehar baino gehiago ematen direla. Haien hitzetan:
…seguru ematen direla urtearen beste edozein egunetan baino gehiago (E.2_2020/04/28).
…un poco más se agrupa por la participación sin duda (E.4_2020/04/30).
Nolanahi ere, elkarrizketatu guztiei iruditzen zaie Deustuko jaiak harreman hauek emateko une aproposa direla. Adibidez:
…hombre nik uste dut momenturik aproposena dela (E.1_2020/04/27).
…Bai, guztiz. Agian urtean egon daitekeen momenturik onena (E.2_2020/04/28).
Ez hori bakarrik, arrazoi ezberdinak eman dituzte hau justifikatzeko:
…jaietan dauzkazu mila aitzaki, eta jaietan ez da arraro geratuko eta jaietan egin daiteke modu naturalagoan ba igual urteko beste egun batean arraro geratuko zen beste gauza bat. Orduan momenturik onena dela uste dut eta daudela modu asko eta aitzaki asko hori lortzeko (E.2_2020/04/28).
…jaiak zuk antolatzen dituzun heinean zuk sortzen dituzu nahi dituzun beste marko, eta marko aproposak sortuz, erlazio horiek sortu daitezke. (…) azkenean zuk sortu behar dituzu baliabideak eta erremintak harreman horiek emateko. Orduan, es más darle una vuelta a cómo hacerlo y hacerlo (E.3_2020/04/29).
Bestetik, Deustuko jaietan eman daitezkeen belaunaldien arteko harreman moten inguruan, esan dute harreman hauek naturalak izan behar direla, hau da, “forzatuak” edo behartuak ez diren harremanak. Adibidez belaunaldi ezberdinetako pertsonak toki berdinean egotea eta elkarrekin jaiez gozatzea gustatuko litzaiekeela. Ideia horiek nabarmenduta daude jasotako ahotsetan:
…eskatuko nuke adibidez kontzertu berdinean jende nagusia eta jende gaztea egotea (…) gauza kotidianoak, ohikoak eta normalak. O sea ez izatea hori gauza forzau… normala eta naturala izatea (E.2_2020/04/28).
…poder ir todos a todas las actividades, estar en cuadrillas (…) que sea natural, que salga “ah bueno mira si tienen esto aquí, pues allá voy”. Y ya está. ¿Que son de 30? como si son de 50 o como si son de 80. Que todos podamos ir a todo (E.4_2020/04/30).
Amaitzeko, belaunaldien arteko harreman hauek komunitatean izan dezaketen eragina aztertu da. Guztiek baieztatu dute onurak ekarriko lituzketela, hauek izanik erantzunetako batzuk:
Nik ezberdinduko nituzke bi parte. Bata soziala, sortzen dela kohesio handiagoa, legitimitate handiagoa, gizarte kapitala eta abar. Bestea ba indibiduala edo bakoitzarena, hau da, bakoitzak festatik zer lortu dezakeen (…) bai gazteentzako bai nagusientzako elkar ezagutza horrek ekar dezakeelako onura bat (E.2_2020/04/28).
…si tú tienes una relación, sabes, conoces más al otro, siempre será mejor. La relación en general y la opinión que tienes tú de esa gente, siempre será mejor (E.4_2020/04/30).
Bildutako datuak aztertu ostean, ikus daiteke elkarrizketek sarreran aipatutako teorietako asko baieztatu dituztela.
Lehenik eta behin, autore ezberdinen teoriarekin batuz (Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila eta EDE fundazioa, 2008b; United Nations Population Fund eta HelpAge International, 2012) elkarrizketatu batek aipatu du (E2) bizi garela oso gizarte zaharkituan eta hori ona dela baina ekartzen dituela ere erronka berriak. Gainera, hiru elkarrizketatuk (E1, E2, E4) azpimarratu dute adinduen parte-hartzea handituz doala, esanez pertsona nagusiek “parte-hartzeko potentzial oso handia” dutela eta “gero eta gehiago” parte-hartzen dutela edota “askotan sorprenditzen gaituztela”.
Ondoren, argi geratu da Deustun historikoki ospatzen diren jai herrikoiak benetan parte-hartzaileak izan daitezen, pertsona nagusien parte-hartzea guztiz garrantzitsua dela. Hauek, auzoko ia %30a izatera heltzen baitira (EUSTAT, 2019b) eta asko dute oraindik aportatzeko. Gainera, sarreran aipatzen den bezala (Lázaro, 2000), adina ezin da izan aisialdirako aukerak determinatzen dituen faktorea, mundu guztiak izan behar du aisialdiaz eta komunitateak eskaintzen duen horretaz gozatzeko aukera.
Bestalde, elkarrizketetan ikus dezakegu autore desberdinek azaltzen duten moduan (Carbajo, 2009; Giró, 2006; Helduak Adi eta Eusko Jaurlaritza, d.g.), inguratzen gaituen kulturak eta gizarte-arauek asko eragiten dutela pertsona nagusien autokontzeptuan, zein gazteok haiengan ditugun estereotipoengan. Adibidez, elkarrizketatuetako bik (E5, E6) dudan jartzen dute pertsona nagusiek jaiez disfrutatzen egon nahiko luketen edota esanez ezin dela konparatu gazteek eta nagusiek dugun bizitasuna. Are gehiago, beste batek (E4) aipatzen du jende nagusiari lotsa ematen diola adibidez erromeriara ateratzea “ez dagoelako bere adineko jenderik”.
Jaiei dagokionez, elkarrizketatu guztiek aipatu dituzte sarreran adierazitako autoreek (Gil Calvo 1991) in Lázaro, 2000, Guilló, 2016; Lázaro, 2000) jaien inguruan azaltzen dituzten kontzeptuak (parte-hartzea, historikotasuna, komunitatearen ezagutza, elkarbizitza… etab.). Are gehiago, lau elkarrizketatuk aipatzen dute jaiek komunitate mailan eragin handia dutela, identitatea, pertenentzia, autoezagutza… (E2, E3, E4, E5) sortuz (Guilló, 2016; Lázaro, 2000), zein parte-hartzea urteko beste uneetan baino gehiago areagotuz (E2, E4, E5, E6), bat eginez Lázarorekin (2000).
Bide beretik, Delgado (2004) zein Guillóren (2016) jaiek jendartearen eraldaketarako duten potentzialitatearen inguruko teoriak ere baieztatuak izan dira elkarrizketatu batzuengatik (E1, E2, E3). Adibidez aipatzen dutenean Jai Batzordean parte-hartzen dutenek nolabait “jendartea eraldatzeko” daudela edota jaiak “beste egoera batzuetan ematen ez diren elkarrizketak eta abar emateko espazio bat bilakatu daitezkeela”. Are gehiago, Lázaro autoreak (2000) aipatutakoarekin bat eginez, elkarrizketatu guztiak ados egon dira esanez pertsona nagusien parte-hartzea jaietan ezinbestekoa dela eta bereizketarik gabe parte-hartzeko aukera izan beharko luketela, elkarrizketaren helburu nagusia betez horrela.
Era berean, pisu handia du elkarrizketatutako emakume nagusi batek esandakoa: “hay cosas que se pueden hacer todos en común, pero vamos, cada uno tenemos que activar lo nuestro. Porque no van a venir unos chavales de 14 años a hacerte una cosa de lo que le gusta a una señora de 70” (E4). Ikusi da hori dela funtsezkoena, pertsona nagusiek parte-hartze aktiboa izan dezaten, jaien antolaketan integratu behar dira eta hortik sortuko dira belaunaldien arteko harreman naturalak eta jaietan guztiok batera egin daitezkeen ekintzak. Gainera, horrela jaien parte sentitu eta herri bazkarietan zein edozein ekintzatan parte-hartzeko erosoago sentituko dira. Horrela ere, aipatu bezala, haiek proposatuko dituzte haientzat egokiak diren edo egiteko interesa dituzten ekintzak, elkarrizketatu berdinak esan bezala (E4) “yo no puedo bailar, pero si puedo hacer otras cosas”. Bide beretik, Jai Batzordeko kide ohiek aipatzen duten moduan (E2, E3) potentzialitatea badago hori lortzeko, erronka da nola egin.
Bestetik, belaunaldien arteko harremanen inguruan aipatu dute “hori antolatu behar dela”, “horretan lan egin behar dela”, “potentzialitatea eta erremintak daudela”, baina “nahita egin behar den gauza bat” dela (E2, E3, E6). Gauza bera esaten dute arestian aipatutako autoreek (Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutua eta Osasun Ministerioa, 2011; Kaplan 2001 in Domínguez, 2012). Bide beretik, Domínguezen (2012) teoriak esaten duenarekin bat eginez, elkarrizketatuek (E1, E2, E3, E4, E5) aipatu dute belaunaldi arteko erlazio horiek “jakinduria hartu-eman” bat emateko balio dutela “hainbat aldeen arteko borondatea” edota “bai gazteentzako bai nagusientzako elkar ezagutza horrek ekar dezakeela onura bat”.
Ikerketaren helburu zehatzei dagokienez, guztiak bete direla esan daiteke. Alde batetik, pertsona nagusiek jaietan duten parte-hartzea ezagutu eta ikusi da ez dela oso parte-hartze aktiboa, “más de ver que de actuar” (E4) edota gehienbat folklorearekin loturiko ekintzetan parte-hartzen dutela (E1). Hala ere, parte-hartzaile guztiek bat egin dute esanez garrantzia handia duela adinekoen presentzia jaietan eta hori potentziatu beharko litzatekeela. Beste aldetik, elkarrizketak egiterakoan ikusi ahal izan denez, borondatea badago Deustuko jaietan belaunaldien arteko harremanak sustatzeko, bai gazteen zein nagusien partetik. Parte-hartzaileek uste baitute harreman hauek emateko “une ezinhobea” (E1, E2, E6) direla jaiak.
Bukatzeko, ikusi da Deustuko Jai Batzordeak ez daukala lotura esturik jendartearen parte handi bat diren pertsona nagusiekin eta elkarrizketatu batzuen hitzetan (E2, E3, E6) hori landu beharreko gauza garrantzitsua da. Edonola ere, elkarrizketatu guztiek aipatzen duten moduan, Jai Batzordea oso jende gaztez osatuta dago eta antolatzaileen artean pluraltasunik lortzen ez bada, zaila da ekintza pluralak eta adin guztien parte-hartzea sustatzen dutenak lortzea. Azken finean, Jai Batzordeko kide ohi batek (E2) dioen bezala, arazorik handiena da batzorde hau osatzen duten taldeek lan karga oso handia dutela, agian pertsona nagusiek jasan ezingo luketena. Hortaz, etorkizunera begira bilatu beharko litzateke parte-hartzeko modu berriak, Jai Batzordean egoteko modu ezberdinak eta atxikimendu mota eta konpromisoa zein denbora emateko modu berriak. Horrela, pertsona nagusiak inplikatu eta modu aktiboan parte-hartu ahal izateko.
Beraz, alde batetik, ondorioztatu da etorkizunera begira erremintak eta baliabideak jarri behar direla martxan, pertsona nagusiek modu ezberdinen bitartez Deustuko jaien eraikuntzan lan egin ahal izateko. Horrela haien jaien parte sentituko dira eta parte-hartze aktiboagoa izango dute. Gainera, antolakuntza prozesu horretan antolatzaileen artean belaunaldien arteko harremanak emango dira, harreman hauek jaietan modu naturalean ematea erraztuz. Bestetik, pertsona nagusiek komunitatean zein jai herrikoietan duten parte-hartzearen inguruan ikertzen jarraitzeko beharra ikusi da. Honen arira, ikertu beharko litzatekeelako hau soilik Deustuko auzoan gertatzen den fenomenoa den edota hiri ezberdinetako auzo gehiagotan ematen den, herrietan berdin gertatzen den edo parte-hartze handiagoa duten… etab. Horrela, benetako jai herrikoi eta parte-hartzaileak lortzeko.
Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutua & Osasun Ministerioa (2011). Libro blanco del envejecimiento Activo. Madril: Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutua.
Alcalde, I. & Laspeñas, M. (2005). Ocio en los mayores: calidad de vida. In Giró, J. (Ed.) Envejecimiento, salud y dependencia (43-62. orr). Logroño: Errioxako Unibertsitatea.
Carbajo, M. C. (2009). Mitos y estereotipos sobre la vejez. Propuesta de una concepción realista y tolerante. Ensayos: Revista de la Facultad de Educación de Albacete, (24), 87-96.
Cuenca, M. (2009). Más allá del trabajo: el ocio de los jubilados. Revista Mal-estar E Subjetividade, IX(1), 13-42.
Cuenca-Amigo, M. & San Salvador, R. (2016). La importancia del ocio como base para un envejecimiento activo y satisfactorio. Revista de Psicología del Deporte, 25(2),79-84.
Delgado, M. (2004). Tiempo e identidad. La representación festiva de la comunidad y sus ritmos. Zainak, 26, 77–89.
Díaz, L., Torruco, U., Martínez, M., & Varela, M. (2013). La entrevista, recurso flexible y dinámico. Investigación en educación médica, 2(7), 162-167.
Domínguez, M. (2012). Programas Intergeneracionales: reflexiones generales a través del análisis DAFO. Revista Electrónica de Psicología Social Poiesis (24), 2-15.
Euskal Estatistika Erakundea, (2019a). Biztanleen udal-erroldaren estatistika. [Datu-basea]. Berreskuratua: Esteka
Euskal Estatistika Erakundea, (2019b). Euskal AEko biztanleak, 10.000 biztanle baino gehiagoko auzoen arabera, sexuari, adin-taldeei eta nazionalitateari jarraiki. [Datu-basea]. Berreskuratuta: Esteka
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila & EDE fundazioa (2008a). Diagnóstico sobre la participación social de las personas mayores en la capv. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila & EDE fundazioa (2008b). Hacia un plan integral de participación de las personas mayores. Diagnóstico de la situación de las personas mayores en la CAPV. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
Gil Calvo, E. (1991). Estado de fiesta. Madrid: Espasa-Calpe.
Giró, J. (2006). Envejecimiento activo, envejecimiento en positivo. Logroño: Errioxako Unibertsitatea.
Guerrero, M. A. (2016). La Investigación Cualitativa. INNOVA Research Journal, 1(2), 1-9.
Guilló, M. (2016). Festaren analisi eta politika feministak: ainguraketak eta erronkak. In Guilló, M. (Ed.), Festak, genero-harremanak eta feminismoa. (7–32.orr). Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.
Helduak Adi! & Eusko Jaurlaritza (d.g.). Estereotipos asociados a las personas mayores. Berreskuratuta: Esteka
Juaristi, P. (2003). Gizarte ikerketarako teknikak: teoria eta adibideak. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.
Lázaro, Y. (2000ko uztaila). Fiestas populares: una vivencia de ocio para las comunidades. Munduko VI. Aisialdi Biltzarrean aurkeztutako lana. Aisia eta giza garapena. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea.
Lázaro, Y., Madariaga, A., & Lazcano, I. (2019). Un escenario ante el reto de la vejez. El ocio y sus beneficios. Paraninfo Digital, 13(30), 1-3.
Marín, M., García, A. J., & Troyano, Y. (2006). Modelo de ocio activo en las personas mayores: Revisión desde una perspectiva psicosocial. SOCIOTAM: Revista internacional de ciencias sociales y humanidades, 16 (1), 147-167.
Martínez, C. (2012). El muestreo en investigación cualitativa. Principios básicos y algunas controvérsias. Revista Ciência & Saúde Coletiva, 17 (3), 613-619.
Morales, M., & Bravo, I. (2006). El ocio terapéutico. In J. Giró, Envejecimiento activo, envejecimiento en positivo (133-145.orr). Logroño: Errioxako Unibertsitatea.
Rubio-Ardanaz, J.A. (2017). Fiestas populares en la ciudad de Bilbao. Translatividad y confluencias sociales en un marco cultural transmoderno. Kobie Serie Antropología Cultural, 20, 5–22.
United Nations Population Fund & HelpAge International (2012). Ageing in the twenty-first century: a celebration and a challenge. Londres: Nazio Batuen Populazio Funtsa.
Sara Irigoien Cortina. Correo electrónico: irisarai@gmail.com
Amaia Eiguren Munitis, Correo electrónico: amaia.eiguren@ehu.eus
[1] BA: Belaunaldien Arteko